Iruñeko euskalgintza elkarlanean egiten ari den lanari beraien ekarpentxoa egin nahi izan diote. Euskaraz bizi ahal izateko trabak etengabeak izanagatik, berauek gainditzeko indar sobera dutela erakusten ari dira.
Disko hau sortzeko batu dituena “Euskaraz bizi nahi dut” dinamika izan da. Guztiak ere Iruñea/Iruñerriko taldeak dira, eta horiek osatzen dituztenak iruindarrak izatez edo bizipenez. Iruindar gisa euskaraz bizi nahi duten herritarrak dira eta beraien artean bizi esperientzia desberdinak dituzte euskararekiko. Batzuk euskaldun zaharrak dira, besteak ikastola eta euskaltegietan euskaldundutakoak, batzuk euskara ikasten hasi berriak… Baina esan bezala, batzen dituena euskaraz bizitzeko nahi hori da, musikarekin batera. Horrexegatik beraien taldeek euskaraz sortzen dute.
Iruñerrian gaur gaurkoz euskaraz bizi ahal izateko oztopo andana dituzte. Baina iruindarrok egunero euskaraz bizitzeko dituzten nahia eta nahi hori gauzatzeko duten ilusioa, poza edota zenbaitetako haserrea oztopoak baino indartsuagoak direla argi dute. Burugogorrak ere badira gero!
Nafarroan euskarari arnasa herritarren eta herri mugimenduaren ilusio, gogo eta ahaleginak eman dio eta ematen dio. Eta bide horretan, disko honekin ekarpen txiki bat egin nahi izan dute. Ekarpena Euskaraz bizi nahi dut dinamikari beraien tokitik, musikatik, beraien estiloan, beraien formatu naturalean egin nahi izan diote. Lan atsegina izan da. Gehienek elkar ezagutzen dute eta guztiei ere batera egiteko lan polita izan zitekeela iruditu zitzaien.
Diskoa sortzeko talde desberdinen zerrenda osatu eta proiektuaren nondik-norakoak definitzen hasi ziren. Ilusio handia piztu zuen proiektua izan zen. Zoritxarrez talde guztiek ezin izan zuten parte hartu.
Ondoren lanik politena hasi zen, sorkuntza lana. Talde bakoitza bere bihotzetik eta bere gogotik abestiak osatzen joan zen. Kantak grabatu eta guztia Pedro eta Karlosen (NX estudioak) esku utzi zuten masterizatzeko.
Bidea luzea izan da baina dagoeneko diskoa gure artean dugu.
Bestalde, ekarpen ekonomikoa egin nahi izan diote Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneari. Badira urte batzuk Iruñean euskaraz bizi ahal izateko elkarlanean ari direla. Iruindar gisa izan dute haiek aurrera eramaten dituzten ekimenen berri: dela hizkuntza-paisaia, dela haur eskolen afera, dela herri lasterketa edota dena delakoa. Eta beraiek sortu duten disko honen kudeaketa haien esku utzi dute, salmenten bidez jasotako dirua Iruñean eragiten jarraitzeko erabil dezaten.
Diskoak prezio herrikoia du, 5 eurokoa. Diskoak eragile hauengana joaz eskuratu daitezke: AEK eta IKAren euskaltegiak, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Elkartea. Bestalde, www.euskarazbizinahidut.org webgunean ere eskuragarri egongo da, baita Karrikiri euskal dendan eta ELKAR megadendetan.
Amaitzeko eskerrak eman nahi izan dizkiote ELKAR-i haien etxean diskoa aurkezteko aukera eman izanagatik eta proiektu honen erakusleiho izatearren. Iruindarrei, berriz, euskaraz bizitzen jarrai dezaten dei egin die, norberak bere esparrutik euskaraz bizitzeko bere ekarpena eginez. Orain, diskoa eskuratu eta gozatzera!
(www.euskarazbizinahidut.org-etik hartutako albistea)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean